Kukutxeztula arnas-aparatuaren gaixotasun kutsakorra da, Bordetella pertussis eta Bordetella parapertussis bakterioek eragindakoa. Herrialde garatuetan kontrolpean dagoen gaitza da, txertaketa masiboari esker. Etengabeko eztul bortitza da kukutxeztularen sintomarik nabarmenena. Gaitza edozein adinetan ager daiteke, baina ohikoagoa da umeen artean eta oso kutsakorra da, batik bat lehenengo egunetan.
Eztula egiterakoan gaixoak milioika bakterio patogeno kanporatzen ditu txistu-tanta txikiekin.Txistu-tantak inhalatzerakoan bakterioak inhalatzen dira ere. Bordetella arnas-traktuko epitelioetan atxikitzen da, batez ere trakean eta bronkioetan. Bertan, lau toxina indartsu sintetizatu eta kanporatzen ditu, gaitzaren sintomatologia eragiten dutenak. Bakterioak ez du inbasio-ahalmen nabarmena, ez da odolera pasatzen, baina berak sortutako toxinak bai.
Sintomatologia aztertzen egiten da. Kukutxeztula gripetik, bronkitisetik, pneumoniatik eta tuberkulositik bereizi behar da, antzeko sintomak baitituzte. Bakterio eragilearen kultiboa da prozedurarik ziurrena diagnostikoa egiaztatzeko. Laginak eztarritik, sudurretik edo arnas-jariakinetatik har daitezke. Bordetella pertussisisolatu behar da erabilitako kultibo mediotik.
Eritromizina da gehien erabiltzen den antibiotikoa. Tratamendua goiztiarra izan behar da eraginkorra izan dadin. Antibiotiko hori eman ohi zaie gaixoarekin daudenei ere, kutsapen arriskua nabarmen murrizten baitu. Sei hilabete baino gutxiago duten ume gaixoak ospitaleratu behar dira, haiengan gaitza oso larria izan baitaiteke.
Kukutxeztularen aurkako txerto bat dago, eta Euskal Herrian txerto konbinatu batean (-D.T.P.-, difteria, tetanos eta kukutxeztula) erabiltzen da. Ume guztiei ematen zaie txertoa, 4 dositan lehenengo 18 hilabeteetan, eta gogorapen-dosi bat 6 urte betetzerakoan.
Txertoak ez du bizitza osorako immunitatea bermatzen, baina gaztaroan ala helduaroan gaitza harrapatzen bada sintomatologia askoz arinagoa izaten da. Prebentzioaren aldetik, bestalde, oso garrantzitsua da gaixoen isolamendua kutsapen arriskua murrizteko. Gaixo horiek, bereziki, urrundu behar dira ume txikiengandik eta jaioberriengandik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario